“OSTEGUN EKINTZAILEAK” EKIMENAREN ZORTZIGARREN EDIZIOA HASI DA

8/04/2022

EKINTZAILEEN PROIEKTUAK ETA IDEIAK ABERASTEA DA ERRONKA, BALIO BEREIZLEA MARKATU AHAL DEZATEN.

Elikaduraren eta zuraren balio-katean jarduera ekonomikoa sustatzea eta Euskadiko landa nahiz itsasertzeko ingurunean kultura ekintzailea eta esperientzia berritzaileak sustatzea dira “Ostegun ekintzaileak” ekimenaren helburu nagusiak. HAZIk bultzatutako ekimen horren zortzigarren edizioa izango da aurten. Oraingo honetan zortzi lantegi dituen trebatzeko ibilbide bat egin da; lantegi horiek hilabete bakoitzeko ostegun batean garatuko dira urtean zehar, hiru lurralde historikoetan. Iazko edizioan aurrez aurreko saiorik egon ez zen arren, aurtengoan hasierako formatura itzuliko gara, ekintzaileen arteko zuzeneko harremanera, elkarren esperientziak parteka ditzaten, aukerak hautemateko edo bakoitzak bere proiektuak ideia berritzaileekin lantzeko.

Edizio honen erronka pertsona eta enpresa partaideen ideiak aberastea da, baita ekintzaileen komunitate bat sortzen laguntzea ere, ideia horiek kontrastatu ahal izateko eta ideiak heltzen eta bideragarritasuna aztertzen laguntzeko. “Ostegun ekintzaileak” landa inguruan, lehen sektorean zein beste edozein eremu profesionaletan, jarduera ekonomiko bat abian jarri nahi dutenentzat da, ideia hori abian jartzeko edo mantentzeko eta negozia hobetzeko gaiei buruzko orientazioa behar dutenentzat. Helburua da kultura ekintzailea eta ekimenak dituzten pertsonen arteko lotura sustatzea, identifikatutako edo eskatutako gaietan kualifikazioa eskaintzea eta ekintzailetzaren ibilbideko zailtasunak eta erronkak partekatzea.

2022ko ibilbidea martxoan hasi zen Zurbanon (Araba) egindako emakume ekintzaileen topaketa batekin eta gaur goizean jarraitu du “Ezagutu eta inspiratu: identifikatu zure negoziorako aukerak” saioarekin. 40 lagun elkartu gara Donostiako Miramon Teknologia Parkean. Jardunaldi honen xedea izan da joera berriak eta aukerak ezagutzea, enpresa-proiektuak aberastu daitezen eta balio erantsi handiagoa izan dezaten, eta, ondorioz, dibertsifikatzea, berritzea eta beste eskaintzetatik bereiztea.

Apirileko hitzordua azarora bitartean garatuko diren gaien sorta zabalak osatuko du. “Garatu zure estrategia komertziala eta atera saltzera”, “Atera zukua berrikuntzari”, “Identifikatu zure merkatua eta aprobetxatu aukerak”, “Zure adimen emozionala garatu”, “Identifikatu itun giltzarriak” eta ”Aurkitu zure erronkei irtenbideak” dira aurtengo lantegien izenburuak eta inguruko pertsonak eta erakundeak lotzen saiatuko gara, proiektu ekintzaileek balio bereizlea izan dezaten.

Trebakuntza-proiektu sendoa

Trebakuntza-proiektu hau topaketan eta pertsona ekintzaileen arteko elkarlanean oinarritzen da; zazpi urteko ibilbidearen ondoren Euskadiko landa eta itsasertzeko garapen ekonomikoa sustatzeko tresna ona dela ikusi da. Iazko ia saio guztiak online izan ziren eta 130 lagunek hartu zuten parte “Ostegun ekintzaileak” ekimeneko zortzi lantegietan; emakume ekintzaileen presentzia oso handia izan zen.

Pertsona hauek eta horien proiektuak dira trebakuntza-ekintzaren ardatza eta oinarria; ekintzailetza prozesuko hainbat alderdi lantzen dituzten eduki teorikoak eta praktikoak ditu, nahiz pertsonen gaitasuna lantzeko (adimen emozionala, denboraren kudeaketa) nahiz teknikoagoak lantzeko: azterketa ekonomikoa, marketina, komertzializazioa, etab. Saio guztietan izaten da ekintzaile baten lekukotza, bere esperientziaren berri eman dezan, aurre egin beharreko erronkak azal ditzan eta ekintzailetza-prozesuari aurre egiteko aholkuak eman ditzan.

Ostegun ekintzaileak 2022

No lo dudes, enriquece tu proyecto.

Ez duzu bilatzen duzuna aurkitzen?

Kontaiguzu zure proiektua

BETE ORAIN

Bete galdetegia zure proiektua guri helarazteko eta aditu bat jarriko da zurekin harremanetan.