Euskal Okelak 25 urte bete ditu. Urtemuga berezi hori ospatzeko, HAZIk eta Eusko Jaurlaritzak antolatutako ekitaldi bat egingo da gaur arratsaldean Donostiako Kursaal jauregian. Omenaldian, aintzat hartuko da berme-marka hori kontsumitzaile guztien artean bikaintasun-erreferentzia bihurtu duten pertsonen ahalegina eta ardura. Zigilua 1994an sortu zen, Eusko Labela duen abelgorri-okelaren jatorria eta kalitate bikaina egiaztatzeko.
Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua, izango da ekitaldiaren buruan, eta zeregin horretan lagun izango ditu Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordea eta HAZI Fundazioaren presidentea, eta Asier Arrese, HAZIren zuzendaria. Agintari horiek entregatuko dizkiete diploma oroigarriak omendutakoei. Sektore guztiaren ordezkari gisa oholtza gainera igoko dira hain zuzen ere hoanako pertsonak: Miren Itxaso Zelaia Zorrila, Jesús Odriozola Agirrezabal eta Iñigo Monasterio Gonzalez harakintak eta José Angel Uzkudun Manterola, Asier Aristi Otamendi eta Enrique Iribarria Arguijo ganaduzaleak.
Gainera, lehen sektoreko eta Euskadiko instituzioetako ordezkaritza zabala bilduko da ekitaldian; bertan izango dira okelaren sektoreko ordezkariak, baita Eusko Label markak barnean hartutako sektore eta produktuetako ordezkariak ere, 15 guztira.
Euskal Okela da Eusko Label berme-marka duen abelgorri haragi bakarra. Marka horren bidez, okelak jatorriari, animalien hazkuntza-baldintzei eta elikadurari buruzko kalitate-parametro zorrotzak betetzen dituela bermatzen da. Kontrol osoko sistema horrek ekoizpen- eta banaketa-prozesu osoa aztertzen du, azken kontsumitzailearengana iritsi arte, eta hala bihurtu da konfiantzako eta kalitateko ezinbesteko erreferentzia harentzat.
Horren erakusgarri, 1996an «behi eroen» kasuek sektorean piztutako krisia saihestu ahal izan zuen Euskal Okelak. «Osasungarria, zaporetsua eta naturala» lelopean, Eusko Labela zuen abelgorri-okela konfiantza osoko balio segurua bihurtu zen euskal kontsumitzaileentzat.
Eusko Labela duen okelak –eta, hedaduraz, Euskadiko lehen sektore osoak– 25 urte hauetan lortutako mugarri nagusietako bat Adierazpen Geografiko Babestua (AGB) bereizgarria lortzea izan da. Europar Batasunak 2004an eman zion, sektoreak sei urtez izapidetzeko ahalegin handia egin eta gero.
Euskal Okelak ikuspegi askotatik egiten dio jasangarritasunari ekarpena: lehenik eta behin, alderdi sozioekonomikotik. Eusko Labela duten produktuak erosita eta kontsumituta, baserritarrek, abeltzainek, ekoizleek, eta harakindegietako, hiltegietako eta zatitze-geletako langileek osatutako ekoizpen-sare osoari ematen zaio bultzada eta balioa. Enplegua eta ekonomia sustatzen duen jarduera bat da, eta, gainera, bikaintasuna lortzeko lankidetzan aritzen diren talde horien lanak gure landa- eta natura-ingurunearen biodibertsitateari eta orekari eusten laguntzen du.
Euskal Okela baimendutako harakindegietan saltzen da soilik. Saltoki horiek erraz identifika daitezke, «K» ikurra erakusten dutelako Eusko Labelaren adierazgarri; hala ziurta daiteke bertan saldutako behikiek bete egiten dituztela Araudi Teknikoan eta Ziurtapen Prozeduretan jatorriaren, osasungarritasunaren eta kalitatearen inguruan ezarrita dauden baldintza guztiak.
Kalitate-markaren kudeaketak eragin onuragarria du ingurumenean ere. Abelburuak modu tradizionalean hazten dira, Euskadiko baserrietan jaio eta zaintzen baitira, mimo handiz, bizitzako aro guztietan. Horrenbestez, animalien ongizatea bermatzen da, eta elikaduraren osasungarritasuna eta kontrola ziurtatzen: ez du antibiotikorik, bazka naturaletan oinarrituta dago (belar freskoa eta lehorra, saralea eta lastoa) eta HAZIk, Eusko Label produktuen kontrol eta ziurtapen organoak, berariaz onartutako pentsuen bidez osatzen da. Euskal Okela ohikoa baino kalitate handiagoa duelako nabarmentzen da; izan ere, baimendutako hiltegietan kontu handiz aukeratzen dira, eta arraza hauetakok zian behar dira izan: piriniotar, limusin, blonda, terreñoa eta arre alpetarra, bai haien arteko gurutzaketak.
Gainera, okela eraldatzeko eta ontziratzeko prozesuan ere kontrola egiten da, teknikari espezialistek ikuskaritzak eta auditoretzak egiten baitituzte; produktuen aukera kontrolatu, laginak bildu, eta analisiak egiten dira; eta administrazio-prozedura informatikoak daude instalazio, ekipo eta prozesu guztietarako eta produktuaren beraren gainean.
– Erregistratutako abeltzainak: 783
– Pentsu-fabrikak: 19
– Eusko Label kanalak: 13.566
– Eusko Label kg: 4.017.968
– Baimendutako hiltegiak: 5
– Baimendutako merkaturatzaileak: 8
– Zatitze-gelak: 7
– Baimendutako saltokiak: 415
Nekazaritza elikagaien eta arrantza behatokia
Euskal Nekazaritzako Elikagaien eta arrantza Sektorearen gaurkotasun osoa.
Bete galdetegia zure proiektua guri helarazteko eta aditu bat jarriko da zurekin harremanetan.