Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak Bioekonomiaren Euskal Aliantza eratzea bultzatu du, hasiera batean 10 enpresa pribaturen eta erakunde publikoetako ordezkarien partaidetzaz: SPRI taldea, Energiaren Euskal Erakundea, NEIKER Teknologia Zentroa eta HAZI Fundazioa; azken horrek hartuko ditu Idazkaritza Teknikoko eginkizunak.
Aliantza hori garatzeko bidean edo merkatuan bioekonomia-proiektuak dituzten enpresa eta eragile guztiak integratzeko asmoz abiatu da; asmoa da interesa duten enpresa/eragileak Europan gero eta hedatuago dagoen ekonomia-eredu horretan lankidetzan aritzea eta hura bistaratzen aktiboki lagundu eta parte hartzea; izan ere, eredu horrek ahalmen handia du, dudarik gabe, Euskadiko ekonomia dibertsifikatzeko orduan.
BEAren helburua izango da enpresa-eragileen sare bat sortzea, biologia-baliabideetan oinarritutako produktuak sortzen dituen ekonomia-eredu hau sendotzen dutenak, eta erakunde publikoen, teknologia-zentroen eta enpresen arteko lankidetza egituratu bat ezartzea, ekonomia-produkzio eta -sorkuntza modu hori hazteko.
BEAk 2020ko urtarriletik aurrera bat egiten duten kide eta enpresak bilduko ditu bere baitan. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak zuzenduko du, eta tokiko zein nazioarteko profesionalek osatutako aholkularitza-batzorde bat izango du.
BEA eratzeko hautatutako enpresak oso askotariko sektoreetatik datoz, adibideez, ibilgailu-industria, energia, eraikuntza, ehungintzaren industria eta kosmetika, besteak beste. Hasieran enpresa horiek hor egotea babesten duten bioekonomia-proiektuak zur-baliabidean oinarritzen dira nagusiki, nahiz eta kasu batzuetan beste bio baliabide mota batean oinarritzen diren produktuak dituzten.
BIOTERMIAK: “Bioerregaiak berokuntza eta bero industrialeko instalazioetan garatzeko plataforma da. Basogintzako produktoreak eta zuraren eraldatzaileak energia-zerbitzuak ematen dituzten enpresekin eta herri-administrazioekin integratzen ditugu, hornidura-berme osoa eta bioerregaien kalitatea eskaintzen dituen sare logistikoa lortzeko“.
CIKAUTXO: “CIKAUTXOn, lehengai polimeriko jasangarriagoak eta ingurumenarekin begirune handiagokoak bilatzen dituzten ekimenak bultzatzen ari gara, bi helbururi begira: petrolioari lotutako osagaiak murriztea, eta gure konposatuetara birziklatutako biomaterialak gehitzea. Azken urteotan, kautxua birziklatzeko hainbat teknologia garatu ditugu, kautxua desbulkanizatzeko prozesu berritzaileen bitartez; izan ere, material hori lehengai birziklaezintzat jotzen da”.
EGOIN. “Gure enpresak zurezko soluzio estruktural berritzaileak diseinatu, ingeniaritza jorratu, fabrikatu eta muntatu egiten ditu bertako km 0-ko lehengaietan oinarrituz. Zuraren aldeko apustua egin dugu XXI. mendean eraikuntzaren materiala izan dadin, ekologikoa delako eta karbono-aztarna murrizten duelako, XX. mendeko ohiko eraikuntzarekin konparatuz gero. Indarrean ditugun proiektuen artean, babes ofizialeko bizitegi-eraikin handiena egiten ari garela nabarmendu behar da, Cornellá de Llobregaten, Bartzelonan: 5 solairu eta 85 etxebizitza ditu; horretarako, ziurtapena duten eta birlandatutako 2.100 metro kubo basoren zura erabiliko da guztira”
GLOBAL EFFICIENCY ARANGUREN– GLEFARAN: “Ekonomia zirkularra eta bioekonomia ardatz hartzen dituen enpresa bat gara, Euskadiko kapitalduna, eta baso-biomasa kudeatzera eta energia berriztagarria produzitzera bideratua, biotxarraren erabilera berritzaileen inguruko proiektu bat garatzen duena. Mikroorganismoz aberastutako biotxarrak animalien eta landareen nutrizioa hobetzen du, eta biomasarako aplikazio berriak garatzeko modua ematen. Animalien elikaduran, digestioa errazten du, eta berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten. Ongarri gisa, ondorio oso interesgarriak ditu nekazaritzarako, adibidez, ura hobe atxikitzen du, nutrienteen oreka hobetzen du, eta lurzoruan dauden kutsatzaileak desaktibatzen.
LANA. BEGUR proiektua. “Proiektuaren mamia da zur-hondakina (zerrautsa) aprobetxatzearen bideragarritasuna aztertu eta, hartara, hiri-altzarietako edo bestelako elementuak fabrikatzeko erabiliko den balio erantsi handiko material berri bat sortzea. Horretarako, zuraren zati txikiena baliatuko da WPC plastiko-zurezko konposite bat lortzeko, zurezko zuntz finenak polimero plastiko eta gehigarriekin estruituz. Era horretan, material plastikoaren % 50a zurezko produktuekin ordezka daiteke”.
MAIER. BIO4SELF (H2020). “Bioplastiko autoindartua garatu eta baliarazi (bioplastikozko matrizea + bioplastikozko zuntzak). Helburua da beira-zuntzez indartutako termoplastikoa kentzea eta, trukean, PLA autoindartua jartzea, produktuaren jasangarritasuna hobetuz, birziklagarrigarritasunari dagokionez (material bakar bat). PLA bioplastiko bat da, landare-jatorriko azido polilaktikoa. Horretarako, goi-tenperaturako fusioko PLA bat eta behe-tenperaturako fusioko PLA bat garatzea bilatu da (70 ºC-tik gorako aldeaz), hura indartzeko.
MARIA DUOL. “Badira 28 urte kalitate goreneko eta printzipio aktibo naturalez egindako produktu kosmetikoak diseinatu, produzitu eta merkaturatzen ditugula. Ikerketaren zorroztasun zientifikoa eta teknologia-garapena uztartzen ditugu, baita pertsonen azal-osasunaren zainketa ere, horretarako gai aktibo naturalen erabileran oinarrituz. Era horretan, kosmetikaren merkatua dibertsifikatzen dugu askotariko produkzio-jardueren bitartez, bio produktuen sorta batez, adibidez, mahats-pipitetan dagoen Resveratrolaren ahalmen antioxidatzailea eskuratzearen bidez naturaren propietateak baliatuz.
PAPRESA. Birziklatutako eta birjina den zelulosa zelulosazko pastaren nahasketatik abiatuta ehun-zuntzaren ekoizpena aztertzeko proiektu pilotoa. « Helburua da teknologia bat probatzea eta ezartzea, petroliotik eratorritako materialak ingurumenerako eta ekonomiarako modu hobean ordezka ditzaketen ehunezko material berriak sortzean, baso-jatorriko zelulosa-orea erabiltzeko, bai birjina, bai paperetik, kartoi erabilitik edo zuretik birziklatua. Proiektu honen berariazko interesa da beste herrialde batzuetan dagoen prozesu hori EAEn dagoen materiala eta zelulosaren ezaugarrietara egokitzea. Abantaialak eta desabantaialak identifikatzeko ».
SKFK: “Moda etikoko bere sorkuntzetan, bertakoak eta jasangarriak diren materialak lehenesten ditu. Alde horretatik, zelulosa-jatorriko zuntzek, adibidez, Lyocellak (gehienetan Tencel deituak), lehentasuna dute markarentzat. Hainbat abantaila eskaintzen dituzte: iraunkortasuna, moldakortasuna, testura eta, gainera, abegitsua da ingurumenarekin. Lyocellari, zelulosan edo zur-orean oinarrituta egindako material naturalari esker, bete egiten dugu Euskadin % 100 egindako arropa jasangarriak produzitzeko helburua”.
SMURFIT KAPPA. “Paperezko produktu berri bat garatu eta patentatu dugu: AgroPaper®. Pinu-zuntzez fabrikatua, lehengai berriztagarri eta % 100 biodegradagarria da, nekazaritzako lur-estalki gisa erabiltzeko diseinatua, plastiko beltza ordezkatuz. Era horretan, eragotzi egiten dugu belar gaiztoak haztea, eta landarea garatzea sustatzen; haren balio erantsia da laborearen amaieran ez dela beharrezkoa kentzea, birrindu egin baitaiteke, eta lurrari gai organikoa gehitu. Nekazariei denbora eta kostuak aurrezten dizkiegu, eta ez dugu hondakin plastikoz lurra kutsatzen.
Eusko Jaurlaritzak dei egiten die Euskadiko enpresa sentikor eta konprometituei esperientziak bateratzeko eta sektore honetan ere lan egiteko aukera baliatzeko.
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila sentsibilizazio-kanpaina batean dabil produkzio-eremu guztietatik Aliantza honi atxiki dakizkion. SPRI, EVE, HAZI eta Neiker ere lan egiten ari dira, Euskadiko enpresek bioekonomiaren aukera-nitxoaz ohartu daitezen.
Euskaraz: www.euskadi.eus/bioekonomia
2018tik, Eusko Jaurlaritzak 600.000 euro bideratu ditu, 300.000 urteko, baso-bioekonomia gaietan probako berrikuntza-proiektuak sortzea bultzatzeko. Laguntza horietan kokatuta, 6 proiektu onartu dira, hiri-altzariak sortzeko zuraren azpiproduktuak baliatzetik hasi eta ehun-zuntzaren produkzioraino, zelulosa birziklatuko ore-nahaskietan oinarrituz. 2020an, bioekonomia-estrategia garatzen jarraitzeko eta laguntza-ildo hori sendotzeko, 1.000.000 euro gehiago inbertituko dira.
BIOESKUALDEEN FACILITYA
Martxoan, EFIk, European Forest Institutek, Euroeskualdeen Facilitya jarriko du abian. Bada, proiektu horretan Euskadik hartuko du presidentetza eta Karelia Iparraldeak (Finlandia) eta Westfaliak (Alemania) parte hartuko dute. EFIk proiektu hau irekiko die interesa edukiz mandatu argi bat eta bioekonomia-arloko plana duten Europako eskualdeei bakarrik. Eskozia eta Austria Beherea ere interesatu egin dira.
Eskualde arteko lankidetza horrek funtsezko lau oinarri izango ditu:
Berrikuntza. Bioekonomian berrikuntza babestea, hura abiarazi eta handitzen joateko programa eta gertaera espezifikoen bidez.
Erakunde publikoak. Esperientzien elkartrukea, zientziaren bitartez informatutako politikak eztabaidatuz, biologia-oinarria duten produktuetarako merkatuak sortzen laguntzeko.
Eskualdeko azpiegiturak eta enpresa-ekosistemak. Kasu arrakastatsuen inguruan sentsibilizatzea, eragile garrantzitsuak harremanetan jartzea, eta aldaketak erraztea.
Inbertsioak. Eskualdeak eta uneko elkarte publiko-pribatuak harremanetan jarriz, eta ETE, pertsona ekintzaile, inbertitzaile eta politikako arduradunen arteko elkarrizketak erraztuz.
SUMMIT
Udaberrian, lehen Bioekonomiaren Berrikuntza eta Ekintzailetzaren Nazioarteko SUMMITa egingo da Euskadin. Topaketa horren helburua da Europako bioekonomia-gaietako berrikuntza nagusiak erakustea, teknologia-zentroen eta bioekonomiako erreferentziazko unibertsitateen, enpresa liderren, capital venture direlakoen, start-upen eta eragile erabakigarrien bitartez.
Euskadiko bioekonomiaren bide-orriko printzipioak
Kontsumo eta ekonomiaren hazkunde etengabeak, aurreikusitako demografiaren hazkundeari lotuta, agerian utzi dute natur baliabideak agortu egingo direla eta hondakinen krisi handi bat izango dela. Gainera, klima-aldaketaren ondorioek larritu egingo dute gure biodibertsitatearen galera. Horretaz guztiz jabetuta, Eusko Jaurlaritzak, energia-efizientziaz, energia berriztagarriak sustatuz edo, are, mugikortasun jasangarria bultzatuz garapen jasangarria sustatuko duten neurriei eusteaz gain, ikusi du beharrezkoa dela bioekonomiaren inguruko jardunak areagotzea, Euskadiko enpresa eta ekonomiarako interesgarriak diren aukerak irekiz. Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, enpresa-talde batekin lankidetzan, Bioekonomiaren Euskal Aliantzaren (BEAren) sorrera sustatu du. BBEA ekonomia dibertsifikatzeko beharrizanei erantzunez sortu da, baliabide biologikoen erabileran oinarritutako eredu baten alde.
Europako bioekonomiak dagoeneko 18,6 milioi pertsona baliatzen ditu Europan, eta 2,3 bilioi euro. Alegia, Europako ekonomia osoaren % 9. Benetan, zenbait herrialde, hala nola Finlandia edo Alemania, ekonomia-eredu horretarako trantsizio erreala eta oso argia egiten ari dira, eta Euskadik ere noranzko horretan jokatu behar du eta dezake.
Euskadin, zura da natur baliabide hedatuena eta baliatuena bioekonomia eraldatu eta sortzeko. % 55eko baso-azalera dugu, Europako batez bestekoa baino askoz gehiago (% 40).
Betiere, Euskadin aukera ekonomiko horrek duen egungo balio eta ahalmenaren estimazio bat egiteko lehen urratsa da egun bioekonomiatzat jo ditzakegun sektoreak eta “biologiara moldatu” daitezkeenak identifikatzea, eta hurrengo urteetan bioekonomiarantz aurrera egitea.
Egungo errealitatea eraldatuz, Euskadi lehiakorragoa eta jasangarriagoa lortuko dugu, munduari askoz irekiagoa, kanpoaldeko ikuspegiak geure eginez eta gure garapenak beste leku batzuetara eramanez.
Eraldaketa horri heltzeko, talentuan, ikerketan eta berrikuntzan inbertitu behar da. Apustu irmoa da, lankidetza publiko-pribatuan oinarritua, eta teknologia-arloko eta sektoreko eragile eta enpresekin elkar hartuz sare-lanean garatuko da.
Egoera hori ikusita, baterako sorkuntzan, eztabaidan eta soluzio kolektiboen bilaketan ahalegintzea beste aukerarik ez dago. Gizartearekin eta enpresa erabakigarriekin konektatzean dago gakoa, negozio-eredu berriak, jasangarri eta lehiakorragoak, sortzera eramango gaituen eraldaketa batera heltzean.
Horregatik guztiagatik, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak areagotu egin du bioekonomian oinarritutako ekonomia- eta enpresa-ereduaren aldeko apustua, eta bere egiten du, lehen enpresa-taldearekin batera, Bioekonomiaren Euskal Aliantzaren oinarri eta konpromisoak.
Aliantza horren eraketa enpresa-talde batekin abiatu da, arrakasta-kasuak baitituzte, dela haien produkzio-sistemetan aplikatuta, dela merkaturatzeko fasean.
Ekimen hau erakunde publiko, enpresa eta erakunde gehiagori irekia da; horretarako, horiek, lankidetzan aritzeko prestasuna agertzeaz gain, bioekonomiari lotutako proiektu edo ekimen bat gehitzeko moduan egon behar dira.
Lankideen sare horrek aholkularitza-batzorde bat izango du, gaian adituak diren tokiko zein nazioarteko pertsonek osatua, eta berak eramango du Euskadiko bioekonomiari buruzko bide-orriaren ibilbide eta erritmoaren gidaritza; haren Idazkaritza Teknikoa, berriz, HAZI Fundazioak hartuko du.
Aliantza honetan interesa duten enpresa eta erakundeek www.euskadi.eus webgunearen bidez bat egin ahal izango dute harekin, 2020ko urtarriletik aurrera.
Bioekonomiaren Euskal Aliantzaren konpromisoak
Bete galdetegia zure proiektua guri helarazteko eta aditu bat jarriko da zurekin harremanetan.