Esperientziak: Destacado - Ekintzailetza -

Insekt label Taldea

Insekt Label Biotech S.L

Azaroa, 2021

Nekazaritzako elikagaien iraultzaren alternativa

Insekt label Taldea

XXI mendean gertatzen ari den elikadura eta nekazaritza arloko iraultzaren barruan, nutrizio arloko aukera iraunkorra gara. Hala ere, gaur egun ez dugu merkatura sartzeko data argirik, eta ez dago gure esku.

Kontaiguzu zer eskaintzen duen zuen negozioak

Insekt Label Biotech proiektuaren asmoa nutrizio arloko aukera iraunkorra izatea da, XXI mendean gertatzen ari den elikadura eta nekazaritza arloko iraultzaren barruan.

Materia iraunkor eta osasungarriak garatzen ditugu intsektuak erabiliz, hiru produktu nabarmenduz: Kontzentratu proteiko disolbagarriak, zuntza/kitina eta kontzentratu lipidikoak, denak jatorri organikokoak eta bertan ekoitziak.

Zein da zuen balio erantsia?

Intsektuak eta horietatik eratorritako prozesatuak elikaduran erabiltzeak nutrizio eta ingurumen arloko onura asko dakartza, baina, gainera, edateko produktu, elikadura funtzional eta nutrazeutikoen merkaturako balio handiagoko produktuak garatzen ari gara.

Horrela izanik, hainbat eraldaketa-teknologia probatu ditugu, eta intsektuak produktu ez solidoetan sartzeko aukera ematen diguten horien aldeko apustua egin dugu. Azken produktuez ari garela, irinetan pentsatzen hasi ginen, baina, orain, kontzentratu proteikoak ere baditugu buruan.

Bestalde, intsektuak hidrolizatzen ari garenez, bide interesgarria zabaldu zaigu etorkizunera begira, izan ere, intsektuen bioaktibitatea eta osasun arloan izan ditzaketen aplikazioak ere oso interesgarriak dira.

Zer pertsonak osatzen dute “Insekt Label”?

Josu Oleaga Nuño (CEO), David Ávila Blanco (Produkzio zuzendaria), Eztizen Quintela Sobrino (I+G arloko Zuzendaria)

Zeintzuk izan dira zuen erronka nagusiak hilabete hauetan eta nola gainditu dituzue?

Gure arazo nagusia gaur egun, oraindik ere, Europa mailan intsektuen arloan dagoen araudiaren inguruko ziurgabetasuna da. 2018an Novel Food gisa onartu zenetik, urratsak eman dira. Azkena, 2020ko urtarrilean; izan ere, EFSA erakundeak Tenebrio Molitor espeziea onartu zuen espezie “seguru” moduan. Ematen du gutxi falta dela, baina oraindik ez daukagu % 100ean. Hori dela eta, partner, inbertsiogile, erakunde eta abarrak ez daude guztiz ziur, eta ez dira guk nahiko genukeen babesa ematen ari. Ez daukagu merkaturatze-data zehatzik, ez dago gure esku. Hala ere, ikusi dugu egungo fasean badagoela lankidetzarako prest dagoen profil bat. Intsektuak aukera moduan identifikatuta dituzten industrialak dira. Gainera, epe erdirako aukera moduan ikusten dute.

Gauzak horrela, eta bizi izan dugun urte arraro honetan, 3 ildo nagusitan egin dugu aurrera:

  • Instalazioak: Intsektuak hazteko lantegi pilotu bat inauguratu dugu Zamudion.
  • Produktua eta teknologia: Irinetatik estraktuetara pasa gara, horietako batzuk propietate bioaktiboekin.
  • Merkatua: Sektoreko enpresekin egiten den kontrastea bizkortu ahal izan dugu, eta inguruko bi enpresa erreferentek interesa dutela adierazi behar dugu. Laster hasiko gara elkarrekin produktuak diseinatzen.

Zer proiektu berri dituzue esku artean?

Ikerketa eta garapen ildo nagusia elikaduraren eta osasunarekin daukan loturaren inguruan planteatzen ari gara. Horregatik, honako ildoak nabarmendu nahi ditugu:

  • Kontzentratu proteiko disolbagarriak sartzea hainbat matrizetan (urtsuak, esne-itxurakoak…), elikadura funtzionalerako. Hirugarren adineko pertsonak eta paziente onkologikoak.
  • Eraldaketa-prozesuaren optimizazioa.
  • Produktuetako batzuen hedapen edo kapsulatzea: Omega 3.

Bestalde, hobekuntza batzuk egin behar ditugu lantegi pilotuan, Europa osoan merkaturatu daitekeen unerako. Hori horrela izanik, inbertsio batzuk egin beharko ditugu.

Snack osasungarri eta “entobegano” batzuk ere egiten ari gara, intsektu irinarekin. Uste dugu oztopo kulturalak lantzen hasteko modua izan daitekeela, edo, gutxienez, etorkizunean gure artean geratuko den ohitura bat zabaltzen hastekoa.

Nola ikusten duzu enpresa 10 urtean?

Jauzi garrantzitsuena eskalan ikusten dut, alde produktiboan zein eraldaketan. Edozein industriatan legez, jauzi handi bat daukagu emateko, eta sektoreko liderrak burutzen ari diren zabalkundeak erreferentzia moduan hartuta (15.000-20.000m2), nahiko argi dago eskala industrialik eduki ezean ez garela oso urrun helduko.

Produktuei dagokienez, Insekt Label produktu sorta handiago batekin ikusten dut, bai beste espezieren batekin lan egiteagatik, baita egungo espeziearekin beste eraldaketa teknikaren bat aurkitzeagatik. Nutrazeutikoen merkaturako intsektuen eraldaketaren arloko Europako erreferente moduan ikusten dut geure burua.

Azkenik, eta egungo B2B negozio-eredua gorabehera, Insekt Label Biotech erakundea produktu propio/bukatuak merkaturatzen ikusten dut

 Nola lagundu dizue euskal sektore publikoak?

Aurretik esan dugun moduan, orain arte ezin izan dugu sektore publikoarekin nahi bezala lan egin, batez ere, araudiaren inguruko ziurgabetasunagatik. Insekt Label Biotech erakundeak hiru laguntza mota jaso ditu erakunde publikoen aldetik:

  • Batetik, BEAZ erakundeak laguntza eman du Enpresa Berritzaileen Sorkuntzarako programaren baitan.
  • Bigarrenik, 2020an I+G arloko proiektu bat garatu dugu, Eusko Jaurlaritzak finantzatua. Horren baitan, intsektuen euren dietan hainbat azpiproduktu gehitzearen eragina neurtu ahal izan dugu, eta ekonomia zirkularreko proiektu interesgarria izan da, benetan.
  • Azkenik, 2020an hori ere, Hegaztinsekt lankidetza-proiektuaren parte izan gara, beste enpresa batzuekin elkarlanean, hala nola Neiker, Miba edota Incubadoras Cosa/Grupo AN.

Zer gomendatuko zenioke hasten ari den norbaiti?

Atzera begira, eta gure kasuan ez bezala, lehenengo egunetik merkatu estrategia argi bat izatea gomendatuko nuke, eta araudiaren arloko ziurgabetasuna murriztea. Hau da, egin nahi duen hori hasieratik egin daitekeela ziurtatzea.

Horretaz gain, batez ere, sinistea, mugitzea, ate guztiak jotzea, ideiaren berri emateko eta ekiteko beldurrik ez izatea.

Agian jakintzat ematen da, baina gure kasuan, aipatu behar dut diziplina anitzeko taldea garela eta oso ondo osatzen dugula elkar. Gainera, bazkide-aholkulari senior talde bat daukagu. Beste ezagutza batzuk dituzte, eta proiektua are interesgarriago bihurtzen dute. Denok ikasten dugu elkarrengandik eta erronkak planteatzen dizkiogu elkarri.

Beste galderaren bat egin nahi baduzue edo zerbait nabarmendu nahi baduzue, adierazi.

Insekt Label Biotech izenekoa BBK Venture Philantrophy (BBK eta Ship 2B) programaren baitan bizkortutako 4 proiektuetako bat izan da.

Zuen ustez, merkatua prest al dago kilkerrak eguneroko dietan sartzeko?

Euskadin, oraintxe bertan, eta orokorrean, esango nuke ezetz. Ematen du target batzuk benetako aukera moduan hartzen ari direla intsektuak, hala nola kirolariak. Bestalde, gazteen eta gehien bidaiatu duten pertsonen artean badago produktu horiek probatzearen aldeko jarrera bat.

Europako merkatuari dagokionez, Holandan, Alemania, Belgikan, Finlandian edo Suitzan, esaterako, elikadura iraunkor eta alternatiboaren sektorea errotuago dago, eta intsektuak onartuago daude.

Edonola ere, beste faktore batek ere zailtzen du onarpen hori: oraindik ere intsektuek eta bere eratorriek merkatuen duten prezio altua.

Noiz izango da elikagai arrunta gure etxeetan?

Urte amaierarako, edo apur bat lehenagorako, araudi arloko aurrerapenak eduki beharko genituzke, Euskadi Europako beste herrialde batzuen errealitatera pixka bat gerturatzen joateko. Hori lehenengo urratsa izan behar da ekoizleek benetako aukera moduan ikusteko, eta, horrela, are gehiago bizkortuko lirateke inbertsioak.

Bestalde, aurrerapen handiak egin behar dira sektorean, prezio lehiakorrago bat eskaini ahal izateko.

Gauza baten eta bestearen artean, uste dut Tenebrio Molitor edo Kilkerren irinak barne hartzen dituzten eguneroko produktuetarako momentua 3 eta 5 urte bitarteko epean izan daitekeela. Noski, kontsumo-ohitura berrien aldeko apustua egin nahi duten edota elikadura estilo berri bat nahi duten pertsonek aurten egin ahal izango dute, urrunago joan gabe. Marka eta produktu berrien garapena abiada bizian doa Europan.

Nola biziko zara animalien elikadura tradizionalarekin eta laborategiko ordezko proteinekin?

Hurrengo hamarkadetarako lantzen ari garen elikadura arloko erronka kontuan izanda, uste dut aukera eta nobedade guztiak onartuak eta ongi etorriak izan behar direla; bai iturri konbentzionalen hobekuntzak, baita proposamen berritzaileak ere. Argi dagoena da iraunkortasuna, neurri handiago edo txikiagoan, nobedade guztien ardatza izan behar dela.

Intsektuen zabalkundearekin batera, oso logiko ikusten dut proteina edo iturri begetalen hazkundea. Bai maila nutrizionalean, baita ekonomia guztiz zirkularrak sortzeari dagokionez ere.

Datozen urteetan sektore honetan aldaketa ugari egingo direla uste dut, dibertigarria izango da, eta gure elikaduraren etorkizuna bideratuko dute.

Ezagutu ONekin! Programa

IKUSI PROGRAMA

EGUNERATUTA EDUKI NAZAZU

Hautatu intereseko gaia
This field is for validation purposes and should be left unchanged.